Article Index

Claude Dendaletche, Euskal Herriko aberediaren aditu ezagunari galdatu diogu, Pierre-Thomas Ducourrau, haren bizia eta haren obraren aurkezpen baten egitea.

Sarhitza

« Un naturaliste ignoré » (Bull. soc. de Borda, 3° trim. 1888) artikuluaren idazlea bezala, Ducourrau naturalistatzat jo dezakegu ? Egia da, Lamarck, Cuvier eta Geoffroy St Hilaire-ren garaikidea izan dela, baina zein izan da zehazki bere ekarpen zientifikoa, behintzat Félix Moussempés-ek 1964an Baionako Euskal Museoari eman zizkion bi esku izkribu lodiak oinarritzat hartuz ?


Lekuko erreferentziak zituen naturalista bat

18 urte aldera matematikak laburki irakatsi ostean, Parisera abiatu zen merkataritzan lan egitera. 1844an Nancy-ko medikuntza Eskolako botanika irakasle baten ilobarekin ezkondurik, hiri horretan kokatu eta bere negozioa muntatu zuen. Familia egoera horrek garai hartan historia naturala zeritzon horrekiko ikusmina piztu al zion ?

55 urterekin Biarritzera itzuli zen, eta bere denbora bilketa naturalistetan erabili zuen, neurri batean. Garai hartan argitaratu ziren artikulu batzuei esker, badakigu denbora horretan « eskuz idatzitako  hiru kaier sendo osatu zituela, Frantzia Hego Mendebaldeko eta bereziki Biarritz inguruko animalia txiki eta handi, bizidun edo fosilizatu, lurreko edo itsasoko, oskol, intsektu, landare eta arbolen ikonografia izango zirenak », 9 urteren biltze, marrazte eta idaztearen emaitza beraz (1865-1874).

Bertan jardunean ziren naturalisten eta beren idazlanen laguntzaz baliatu zen, guttienez ezagutzen ditugunak, helarazi zitzaizkigun obra eta bildumei esker. Aipa dezagun lehen lehenik Ulysse Darracq, Baionako Historia Naturalaren lehen Museoaren sortzailea izan zena 1856an, eta bertan bere historia naturalaren bildumak utzi zituena. 1836tik goiti, baina bereziki 1846tik goiti, F. Morel-en « Bayonne, vues historiques et descriptives » obraren bukaeran bere hiru notiza argitaratu ziren. Notizak honako hauek dira : « Notice sur la flore des environs de Bayonne », 449-493 orr. – « Notice méthodique sur quelques poissons des eaux douces et salées des environs de Bayonne », 495-510 orr. – « Extrait du catalogue des oiseaux du département des Landes et des Pyrénées occidentales », 511-517 orr.

1880an Baionan egin ziren jardunaldien lanak biltzen dituen « Bulletin de la Société botanique de France » aldizkarian hiri horretako Museoari buruzko xehetasun ainitz irakur ditzakegu. Ohargarria da inguruko naturalisten eskura zegoen ez ohizko dokumentazioa. Garai hartan, Biarritz herri txikia zen eta zientzia gaietatik urrun gelditzen zen oraindik. Baionako Museoa herriko etxeko bigarren solairuko lau geletan hedatzen zen, 1851ko maiatzaren 1.ean ideki zen liburutegiaren ondoan. Liburutegiaren hasierako 821 obrek 5 gela okupatzen zituzten, aurreko lauen ondoan. Botanika liburu ainitz bazen, besteak beste Thore (Chloris du département des Landes), Lapeyrouse (Histoire des plantes des Pyrénées) eta Darracq-en izkribuak. Darracq-en belartegiak eskualdeko eta Europa osoko 4000 espezie baino gehiago bilduak zituen. Honela, lekuko botanistek eta hauen artean Ducourrau-k, erreferentziazko eta landareak determinatzeko tresna zuten eskura. Darracq-en bildumetan ornitologiak leku handia zuen eta bere heriotzaren ondotik Léon Hiriart-ek osatu zituen bere lanak. Darracq-ek 1836an Bordalen Landa eta Mendebaldeko Pirinioetako departamenduko txorien katalogoa argitaratu zuen, eta horren zati ttiki bat argitaratu zuen Morel-ek urte hartan lehen aipaturiko lanean.


Eskuizkribu multzo bat partez salbatua

Izkribu zaharren arabera, hiru dokumentuetatik hauek baino ez dira gelditzen : 1.  zenbakia « Ornithologie » eta 2. zenbakia « Histoire naturelle du pays » deiturikoak. 4. zenbakia « Flore » eta balizko belartegia desagertuak dira. Ducourrau-ren lehengusuak, Biarritzeko Jules Moussempès botikariak salbatu zituen dokumentu hauek eta bere semetxiak Baionako euskal Museoari eskaini zizkion. Jules-ek dokumentuak zenbakitu zituen baita beste obra eder bat ere : 1633an argitaratu zen Theatrum Florae.

Saran bizi zen Wenworth Webster (1828-907) etnologo euskaltzale ospetsuaren artikulu bati esker, badakigu Ducourrau-k liburutegi ederra zuela « ahal bezala antolatua Nancy etxearen ondoko eraikin batean, Biarritzeko eliza zaharretik hurbil » (baliteke St Eugénie elizaz aritzea). Hizkuntzalaritza eta filosofiako hainbat dokumentu erosi zizkion, gai hauek ere ikertzen baitzituen gure gizonak, eta horrek okzitanierako aldarte desberdinekiko zuen atxikimendua erakusten digu. Webster-ek hauxe gehitu zuen : « Pierre Ducourrau egiazko bildumalaria zen ; gustu eta entusiasmo handikoa zen eta naturalistaren ohiturek asko lagundu zuten bere ama-hizkuntza ikasterakoan”.

Moussempèstarrak Biarritzeko familia handietakoak ziren. Haien aberastea La Négresse auzoan zuten teilategi batetik jaso dute. Haiena zen baita ere Serbiako Natalia erregina bizi izan zen etxea. Ducourrau hil zelarik, Jules Moussempès-ek, ongi ezagutzen baitzuen, bere farmazia haren etxetik hurbil baitzen (Mazagran karrikaren 19.ean eta Sta Eugenia Plazan) senideei galdegin zien zer gertatuko ote zen bildu zituen dokumentu guziekin. Zoritxarrez, London-eko botanika Sozietatelko kide zen Peter Barr-en testuak dionez (in the Gardener’s chronicle, 311.orr., 1888ko martxoa), Jules Moussempès-i bisita egin ondotik, bere oinordekoek gauza frango bota edo erre egin zuten.

Belartegia eta landareei buruzko bolumena berantago desagertuko ziren, ezen Peter Barr-ek, berreskuratu ziren dokumentu guziak ikusirik, hauen deskribapena egin zuen bere artikuluan. Ikusi ahal izan zuen dokumentua osoki landareen munduaz ari zen, marrazkien bidez eta landare idortuekin. Milaka marrazki aipatzen zituen.

Eskertzekoa da dokumentu hauek ikusi ahal izatea, Moussempès familian hiru belaunaldiz atxikiak izan ondotik. Baionako Euskal Museari1964an eman izana Biarritzeko ikerketa zientifikoen Zentroari baino (bere lehen buletina 1956an argitaratu zuena) harrigarria da. Zergatik hor ? « Le Journal de Biarritz »-en argitaratu artikuluak (196ko urriaren 31etik azaroaren 1era) ez dakar argitasunik. Baionako historia naturalaren Museoari dagokionez desberdina da, museo hau garai hartan oraindik indarrean ez baitzen.


Hegaztien behatzaile

« ORNITHOLOGIE » eskuizkribua volumen potoloa da, marrazkiz eta oharrez betea. Ohartzekoa da azken aurreko taula, 68 zenbakia duena, txorien lastoztatzeari zuzendua. Izan ere, garai hartan, ohitura zen animalia hilak ukatea beren ezaugarriak zehazki aztertzeko gisan. Fusila zen beraz naturalistek erabiltzen zuten lehen tresna zientifikoa. Gero lastoztatzeari ekiten zitzaion txoria ahal bezain egoera naturalean aurkezteko. Honela, Biarritzeko Itsas Museoak eta Baionako historia naturalaren museoak txori lastoztatuen bilduma aipagarriak dituzte.

Ducourrau-ren marrazkietako txoriak egiazko eskalan eginak direnez, hainbat paper zati itsasi behar izan zituen, koartza adibide. Determinazio berezia egitean erreferentzia bibliografikoak ematen ditu beti, bereziki Darracq, baita Risso, Cuvier, Thore eta beste batzuk. Apo-hontza J. Moreau Jaunak harrapatu zuen Biarritzen 1865eko urriaren 22an ; ematen duen erreferentzia : Risso III, 32 n°33. Taulan irakur daiteke : « neurri naturaleko marrazkia”. Marrazki batzuk 1855ekoak dira, Biarritzera itzuli aintzinekoak beraz, eta horrek natura gaien bildumentzako zuen grina erakusten du. Eperra-ren marrazkiarekin hauxe irakur daiteke : « déssiné d’après nature et de grandeur naturelle. 3 octobre 1864, don de M. Eug. Aubert, de Strasbourg ». Erreferentziak maiz laburtuak dira : M. Darracq, « M. Dq », edo esplizitoak : « Vu par M.Dq ». Darracq-en katalogoari dagokionez, txorien zenbakiak horren arabera emate ditu. Maiz gaskoi, bretoi, probantza, Languedoc eta italierazko izenak ematen ditu. Ez ordea euskarazkoak, eta horrek adierazten du Ducourrau-k segurrenik harreman gutti zuela naturalista euskaradunekin.

Dirudienez, margotzea bere alabak egin zuen kasu gehienetan, baina marrazkiak idazlearenak dira.

Taula batzuk ez dira originalak, harraparien kasua lege, 5, 6 eta 7 taulak Atlas Buffon-etik hartuak baitira.  Dokumentu hau txorien morfologiari buruzko behaketen bilduma bezala agertzen zaigu, zehaztapen anitzekin, ikuspegi zientifikoago batekin egina izan den lan bat baino. Erran behar dugu garai haietan espezieen sailkatze sistematiko baten osatzea zela ardura nagusia eta amatur baten ekarpenak ere ongi etorriak zirela. Ehiztari askok, eskopetaz edo sarez bilduriko txoriak ekartzen zizkioten Ducourrau-ri, eta biltzen zituen xehetasunek garai hartako gizakien ohizko portaerak argitzen dituzte, ornitologia hutseko informazioekin batera. Honela,1868ko apirilaren 20an harrapaturiko urretxori arrak Biarritzeko Grammont Parkean zuela kabia « eta batzuetan itsasoan galdurik ikus ditzakegu ». « Usapalentzako sarea » fitxa batean aipatzen du eta beste txori ainitz harrapatzeko baliatzen zen ; txoriak harrapatu eta markatzeko eta migrazio fenomenoak aztertzeko baliatzen den modu modernoaren aurrekaria zen sare hura. Baina, garai hartan txoriak hitzen ziren !


Historia naturalerako interesa

Historia naturaleko eskuizkribua 1002 orriko bilduma da. Ederki liburuztatua eta aurrekoaren aldean bere edukiaren eta antolaketaren heterogenotasuna da aipagarri. Hainbat liburuxka daude bata bestearen atzetik, 1etik 9ra zenbakituak, baina hauetako batzuk ia hutsak dira : Arrainak (9.a), Moluskuak (b.8), lau hanketakoak, arraultzalariak, sugeak (b.7), Ikonografia, Ornitologia (b.6), Fosilak (b.5), Ugaztunak (b.4), Oskoldunak (b.3), Botanika (b.2. Hutsa !), Intsektuak (b.1). Lan hau 1867-1868 artean osatua izan da.

Badu ere beste eskuizkribu lodi bat, bestelako kaligrafia batekin egina eta honela izendatua : Index herbarii Suardiani. Litekeena da lan hau bere emaztearen osabak, Suard Jauna, Nancy-ko botanika irakasle izan zena, utzi izana. Honek dio « Jourdain doktorearen eskutik jaso dut Pirinioetako, Kataluniako eta bereziki Bartzelona inguruetako, baita Palma eta Alger-eko landareez osaturiko belartegi bat ». Non ote dago belartegi hura ? Lorraine eskualdean ?

Beste nota batzuek honako gaiak jorratzen dituzte : familien taula alfabetikoa (1846ko Spach-en floraren arabera), Lacepède-k deskribaturiko lau hanketako, arraultzelari eta sugeen zerrenda, eta interes urriagoko beste dokumentu batzuk. Testu pertsonalago batek izenburu hau du : Pierre Th. Ducourrau-k bildu eta marraztutako Biarritzeko fosilak, 1865. Honela, II taulak « 1866ko otsailaren 8an Euskaldunen Kostan Biarritzen gertatutako luizi baten ondotik aurkitu ziren oskolak, bainu egituraren ondoan, Fachon arroila aintzin, erlaitzaren behealdeko arroka grisetan trinko sartuak ». Soilik hiru mota aurkezten ditu : Nucula, Planorbis, Hipurita. Zalantzak izan ditzakegu azken honi dagokionez. Bere testuaren hasieran, Bordaleko « Société linnéenne »aren aldizkarian 1838an de Grateloup doktorearen lanetan oinarritu dela.

Ehizari buruzko nota batek, 1829an ehizatzen zen bezala, « bereziki Mounache eta Laurent Alby ehiztari ospetsuek » praktikatzen zuten bezala, eskualdean eta migrazio denboran behatu txorien zerrenda luze bati amaiera ematen dio. Nota pertsonalagoak ditaizke baina honako izenburua du : « Iconographie ornitologique de Biarritz », 1865. Izenburuak ez du edukiarekin bat egiten.


Metatzailea ikerlari naturalista baino.

Zer erran dezakegu gizon hartaz, guttienez gureganatu zaizkigun dokumentuen arabera ? Dirudienez, bere jardun nagusia ez zen historia naturala soilik. Wenworth Webster-en artikuluak filosofia eta okzitanieraren inguruko filosofia eta hizkuntzalaritzari buruzko dokumentazio bilketa ugaria aipatzen du. Alabaina, ez zuen deus berririk ekarri. Hortaz, « 300 orriko in-octavo handi » bat utzi zuen, hots nota eta dokumentuz josia. Bere obraren parte hori, barreiatua, galdurik daiteke.

Gizon hau, historia naturalean adituak zirenengana jotzera ausartzen zen, baita eskura zituen dokumentu guziak kontsultatzera ere. Oroitarazi behar dugu garai hartan horrelako dokumentazioa ugaria zela Baionan. Gorago, Ulysse Darracq-ekin batera, Baionako historia naturalaren Museoa aipatu dugu, zeinean zoritxarrez sute baten ondotik bilduma andana suntsitua izan zen. Thore-k (1762-1823) eta bereziki Léon Dufour-ek (1780-1865) Pirinioak eta kostaldea ikertu zituzten. Akizeko Borda Sozietatearen eta Bordaleko « Société linéenne »aren argitalpenetan datu naturalista ainitz bazen. Biarritzen bertan, 1883ko apirilaren 18tik goiti, de Folin Markesak, ozeanografo eta malakologista zena, zientzia zentro bat idekitzea proposatu zuen, 1933an sortu zen Itsas museoaren lanak segitzeko.

Garai hartako joera eskualde desberdinetako fauna eta landaretzaren zerrendak osatzea eta erreferentziazko bildumak osatzea zen. Honela bildu ziren Baionan 1880 aintzin Darracq, Blanchet eta Richter-en belartegiak. Ducourrau-k Biarritzetik oso hurbil zituen dokumentu guzti hauek.

Naturalistekin zituen harremanez gain, Ducourrau-k Biarritzeko jauntxoekin harreman onak izango zituen. Horregatik, hemen ikertu ditugun dokumentuak Moussempèstarrek luzaz atxiki eta helarazi zizkiguten.

Koadro orokorra zehazturik, interesgarria litzateke, orriz-orri, fitxetako notak ikertzea, hainbat arlotan gertakari zehatzak ateratzeko : soziologia, klima, portaerak, eta abar. Honela, Aro Ederraren aintzineko Biarritzeko aberatsen bizi ohiturak irudika genitzake.

Claude Dendaletche