Wentworth Webster, Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 1889ko 2. semestroa, 303-309 orr.
Borda Sozietateko Boletinaren bigarren zenbakiak, 1888ko 3. hiruhilekoa, 185-187. orrietan P.-M.-H. Du Boucher sozietatearen lehendakari zenaren idazki bat atxikitzen du honako izenburuarekin : Un naturaliste ignoré, P. Th. Ducourrau, 1810-1874.
Du Boucher Jaunak, lehen lerroetan Ducourrau Jaunaren bibliografiaz aritu ondoren, berak utzitako lanak aipatzen ditu : « hiru kaier lodi eskuz idatzitako notekin, Hego Mendebaldeko eta bereziki Biarritz inguruko animalia txiki eta handi, biziak edo fosilizatuak, lurrekoak ala itsasokoak, maskorrak, intsektuak, landareak eta zuhaitzak erakusten dituen egiazko ikonografia bat ». Lan hori osatzen duten marrazkiak aipagarriak zaizkio zientzi fideltasun eta zehaztasunaren ikuspegitik.
Nere lagunak, Peter Barr Jaunak, botanista biziki preziatua zenak bere aldetik hitz berdintsuekin ikertu eta deskribatu zituen lan hauek, Londoneko Gardener’s Chronicle aldizkarian 1888ko martxoaren 10ean. Bihotzez bat egiten dut Du Boucher Jaunaren borondatearekin paper hauek kontserbatu eta argitaratzeko, zati bat guttienez. Paper hauek, Biarritzeko Ducourrau Jaunaren familiako Moussempès Jaunaren eskuetan dira. Biarritz edo Donibane Lohitzunera heldu diren atzerritarrentzat ez da gauza inportanteagorik eskualdeko fauna eta landaretzaren deskribapen sinple eta zehatza ukaitea baino. Maiz galdetua izan zait ea halakorik ba ote zen.
Baina hori ez da Ducourrau Jaunak gure sozietatearentzat egin duen lan bakarra. Horrez gain, gure eskualdeko historia naturalari buruzko notak, memorioak, bildumak, baita Frantzia Hego Mendebaldeko hizkuntzalaritza eta filosofiari buruzko paperak utzi dizkigu. Hauetako batzuk eskuratu ahal izan ditut bere liburutegira bisita bat egin nuelarik, Biarritzeko eliza zaharretik hurbil den Nancy izeneko etxe ondoko eraikin batean ahal bezala antolatua zena. Berriz itzuliko nintzelakoan, aldi batean eraman nezakeena besterik ez nuen erosi. Zoritxarrez, eritasun batengatik ene egitasmoa ezin izan dut burutu.
Eskuratu nituen liburu horiek nahikoa froga ematen dute Ducourrau Jaunak bere ama hizkuntzarentzat zuen suhartasuna. Bolumen horietako batek, 300 orrialdeko in-octavo handi bat, izenburu hau dakar :
GRAMMAIRE COMPARÉE DES LANGUES DE LA FRANCE MÉRIDIONALE OU LANGUE D’OC, TELLES QUE LE PROVENÇAL, LE LANGUEDOCIEN, LE GASCON, LE BÉARNAIS, TOUS CONGÉNÈRES FORMANT LA LANGUE ROMANE, ET LES RAPPORTS DE CES DIVERS IDIOMES AVEC LA LANGUE FRANÇAISE |
« Eskuz idatzitako zatiak Baionako gaskoina biltzen du, Biarritzeko Pierre-Thomas Ducourrau, Nancy herrian negoziante zenak, bere aberriaren oroitzapenez, 1858tik goiti dedikatu dion denboraren erakusle. Gaztelerarekin, italiarrarekin eta euskararekin zituen harremanak aipatzen ditu ».
Bolumen horretan lehenik bada : « Frantses gramatika probentzeraz esplikatua, edo irakurtzen dakien probentzar batentzako metodo berri bat bat, maisurik gabe, denbora gutxian frantsesa mintzatzen eta idazten ikasteko »
(Par M. HERAUD ? (sic) en M SS.) MARSEILLE Chez CAMOIN, libraire, place Royale 1826 |
Liburu horrek 132 orri ditu, eskuz idatzitako notekin non Ducourrau Jaunak frantsesaren deklinabideak eta konjugazioak eta abar ematen dituen baionesez edo gaskoinez. Ezen frantsesez adibidetzat ematen dituen esaldi guziak, baionesez ere itzuliak baitira. Batzuetan egilearen hutsak zuzentzen ditu : adibidez, 119. orrialdeko 13. notan : « Adjektiboa bi izenei dagokie, bat maskulinoa eta bestea femeninoa. Usaiak maskulinoarekin akordatuko zela erabaki zuen, zeren, gramatikalarien argotaren arabera, genero maskulinoa femeninoa baino nobleagoa baita.
Bizarraren aldean da indar nagusia ».
Orriaren beste aldean Duccourrau Jaunak bertsoa frantsesez eta gaskoinez botatzen du ; hona gaskoinezkoa :
Dou coustat dé le barbe es le toute puchénce
Et ço que lou sourdat, en soun debouar enstruit
Mountre d’obeissence aou méste qui lou conduich ;
Lou baylet aou soun méste, lou mainatye aou soun pay,
Aoun soun supériur lou mendre pétit fray ,
N’aproche pas encouare de la docilitat
E de l’obeissence, é dé l’humilitat
E dou pregoun respect oùn la hemne
déou esta Per lou soun marit, sou chef, sou seignou é sou méste.
Erranaldi horren hautuak aski argi uzten du Ducourrau ez zela batere bere mendekoa.
Bigarren zatia (153 – 268. orrialdeak) osoki eskuz idatzia da. Zutabe paralelotan aurki ditzakegu frantses, probentzalez, baionesezko, gaztelerazko baita batzuetan ere euskarazko hitzak, « Guides polyglottes de la conversation » lexikoak oroitarazten dizkigutenak ; eguberriak, kantuak, dokumentu zaharrak, baina, beste lekuetan ikusi ez denik batere. Zientziarentzat balio zerbait izan lezakeen atal bakarrak (201 – 240. orrialdeak), historia naturaleko taulak, latinezko, frantsesezko, probentzalezko, eta gaskoinezko izendegi bat osatzen du.
Beste bolumen batek garrantzia handiago izan lezake : hau da « Dictionnaire Provençal-Français, suivi d’un Vocabulaire Français-Provençal, par J.-T. Avril. Apt, Edouard Cartier, 1839 ». Hiztegi honen hasieran hiru liburuxka aurkitzen dira : 1. Tableau historique et comparatif de la langue parlée dans le Midi de la France, Mary Lafon-ek. Paris, A. René et Cie, 1841. 2° Glossaire roman-latin du XVe s., Lille hiriko liburutegiko aterakin bat, Emile Gachet-ek. Bruxelles, A. Vandal, MDCCCXLVI. 3° Du projet d’un Dictionnaire Provençal-Français, edo Dictionnaire de la Langue d’Oc, ancienne et moderne, S. F. Honnorat-ek.
Orrialde hauek interesgarri gerta litezke baionesaren hiztegi batentzat, Avril-en hiztegiko hitzen guttienez heren bat jadanik itzulia izan baita dialekto horretan. Bestalde, beste leku batzuetan bezala orrialde bazterretan, bolumen osoaren orrien atzekaldean idazleak eskura zetorkion guzia idazten zuen jin ahala. Ikus ditzakegu adibidez bi Emakumeen perfekzio eta makurren alfabetoak, 1631 ; latina frantsesera, probentzalera eta baionesera itzulia ; Luis-Germaniarraren juramentua, Virgilio-ren sic von non vobis, eta eguraldia eta besta egunei buruzko erran zahar ugari. Hona horien lagin bat :
Héouré que heoureye, Mars que marseye, Abriou, piou, piou (prov. biarrot). |
En février le givre, En mars les calendés. En avril, les jeunes poulets. |
Baionako atsotitz bat:
A Bayoune, l'iber qués
Mé souben humide qué rets
Pluyes, brouillard, nébe biste foundude,
Chic de frimats, rarémen yelade a peyre torre
A la Sein Martin, pluyes ou souleil sairet
Lou rets ne bien qu’a le Nadaou
E ne seguiech qu’en jambié
Per parti en héoüré
A le Sein Léoun
Naberé sésoun.
Erran zahar bretoin baten « traductioun bayounese » (baionesezko itzulpena):
Si l’iber ba dret soun camin
Be l’aourats a le Sein Martin,
Si s”arreste tan sulemen
Que l’aourats a le Sein Cleman.
Si trobe quouque pachiou
Que l’aourats à le Sein André,
Mé si ba chéns sabe aqui ni là,
Attendetz-lou en abriou ou may.
Irakur ditzakegu ere, italiera eta « Limousin » eskualdeko hizkuntzaren M ; de Pourceaugnac balet-komediaren biarnesezko itzulpena, eta Malade imaginaire antzerkiaren hirugarren zatiko bertso batzuk. Deusek ez du frogatzen ordea itzulpen hauek Ducourrau-k egin dituenik. Izan ere, alde guzietatik biltzen ditu aipamenak, biarnesez, probentzaez, eta abar.
Idazle honek, onartu behar dugu, ezin zezakeen bere burua filologotzat eman : hizkuntzalaritza arrotz zitzaion. Latinezko itzulpenetan hitz eta esaldi zailak alde batera uzten ditu, edo gaizki interpretatzen. Alabaina, Ducourrau egiazko bildumaria zen. Gustoa bazuen, gogotsu ari zen, eta naturalistaren ohiturek bere ama dialektoa ikertzerakoan lagungarri izan zaizkio. Bitxikeri bat halere : batzuetan bikainak ziren Justin Larrebat biarriztarraren poesiak (Baionako Ariel-en argitaratuak 1847-48an) ez zituen ezagutzen, ezta 1786ko Fables caüsides de la Fontaine ere ; hasteko, sekulan ez ditu aipatzen, ezta ere P. T Lagravère-ren Poésies en Gascoun, Baiona, 1865.
Gure Sozietatearen lanak aipatu gabe, Ducourrau zendu zenetik, Luchaire Jaunaren ikerketak, V. Lespy Jaunaren Grammaire béarnaise et le Dictionnaire, izan ditugu ; ene ustez, halere, gramatika baina bereziki Baionako gaskoinezko hiztegia sakonki aztertu nahi lukeenak, orain aipatu dizkizuedan bi idazlanetan baliabide ugari aurkituko luke.
Bi bilduma hauetaz aparte, eskuratu dudan eta interes zerbait duen lan bakarra, probentzalezko « Parnasse » deituriko poesia bilduma bat, 1774 eta 1855 arteko hamasei bertsorekin. Jadanik aipatu dut ezin izan dudala beste obrarik eskuratu, haietako batzuk bitxiak, dagoeneko liburutegi hura barreiatua daitekeelako.
Du Boucher Jaunaren notizak gizon ongi egile baten lan xumeak azpimarratzen ditu : agian poztuko zarete jakiteaz bere liburuetako batzuk, oharrekin, lankide baten eskuetan direla, eta ondorioz, harrotasunez kide izan den Sozietatearen eskura direla.
Wentworth Webster