Euskal funtsen balioztatzeko Bilketa egitasmoaren baitan, Baionako mediatekan baita ere Euskal erakustokian dauden Baiona Hiriaren ondare bildumak zehazki katalogatzen dira.
Pierre-Thomas Ducourrau naturalistaren irudiz apaindu kaieren balioa laster agertu zitzaigun, eta publiko zabalaren begietara ekartzea guziz merezi zutela.
Baionako erakustokiko lehen zuzendari zegoen Boissel komandanteak, Société des Sciences, lettres et arts aldizkarian kontatzen du kaierak nola sartu ziren museoko bildumetan 1950an : "Txori, arrain eta lorez eginikako urtatsak, 1949ko abenduaren 31an opariz ukanak, xehekiago aipatuko dizkizuet. Urrian zehar, Félix Moussempès jaunaren bisita izan nuen eta ekarri zizkidan hiru bolumen lodi, bi eskuizkribu eta liburu inprimatu bat. Galdetu zidan horien onartzea prest ginenez, jabegoa aldatuko zen eguna berak erabakiko zuela. Azterketa batek, nahiz zalua izan, ez zuen duda izpirik uzten, zalantza bakar bat ere ez. Eskaintza horrek gure liburutegia pieza paregabekoz osatuko zuen. Printzipioz onartu zen, baina Moussempès jaunaren behin-betiko erabakia igurikatu behar zen. Gure gana itzuli zen urte bukaeran, erran zigun bere alabaren ezkontz-hitza zuela abenduaren 31an eta bere ezteietako oparia izan zedin nahi zuela. Hiru bolumen handiak gure katalogoan data hartan idatzi ziren, hau delarik gure liburuentzat, estatu zibileko erregistroa."
Félix Moussempès, kaieren jabeak, Jules bere aitonarenganik ondorez ukanak zituen, hau botikari eta Pierre-Thomas Ducourrauren kusia izanki, naturalistaren liburutegiaren hondarrak artoski bilduak zituenak.
Bi eskuizkribuak, 1950ez geroz Euskal museoan gordeak, 2015ean numerizatuak izan dira, beste eskuizkribu eta ikonografia multzoen artean.
Bilketa atarian dokumentu numerikoak eskuragarri ezartzeaz gain, animalia irudikapen eder horiek erakusketa birtual batean nabarmentzea erabaki da.
Abereen marrazkiak bereziki agerian emanak dira:
- Hautatu dira Ducourrau-k zuzenean ikusi zituen animalien marrazkiak (inprimatuetatik kopiaturik edo deskribapenetatik egin marrazkiak baztertuz)
- Ezaugarri fitxak gehitu zaizkie marrazkieri, Ducourrau-k erabili zituen sailkapena eta terminologiarekin, gaurko terminologia ondotik emanez.
- Marrazkien ondoan diren eskuzko oharrak osoki transkribatuak izan dira.
- Galeria baten bidez abereak ordena eta familiaren arabera sailkaturik agertzen dira (txoriak eta arrainen zati bat). Erabiltzen den sailkapena Ducourrauren garaian bali zirenetarik bat da, Antoine Risso (1777-1845) jakintsuak asmatua. Zaharkitua da gaur egun.
Pierre-Thomas Ducourrau gizona eta haren obra aipatzen dituzten testu, lekukotasun eta artikuluak bilduak izan dira, eta gaur egungo adituen ikuspegia azaldua, naturalistaren lanaren balioa neurtzeko. Bide berean, kasik ahantzia den obra harrigarri eta pertsonai honen oroitzapena arrapiztea da xedea, zenbait 150 urte berantago.
Bilketako lan taldea