Lekuko erreferentziak zituen naturalista bat

18 urte aldera matematikak laburki irakatsi ostean, Parisera abiatu zen merkataritzan lan egitera. 1844an Nancy-ko medikuntza Eskolako botanika irakasle baten ilobarekin ezkondurik, hiri horretan kokatu eta bere negozioa muntatu zuen. Familia egoera horrek garai hartan historia naturala zeritzon horrekiko ikusmina piztu al zion ?

55 urterekin Biarritzera itzuli zen, eta bere denbora bilketa naturalistetan erabili zuen, neurri batean. Garai hartan argitaratu ziren artikulu batzuei esker, badakigu denbora horretan « eskuz idatzitako  hiru kaier sendo osatu zituela, Frantzia Hego Mendebaldeko eta bereziki Biarritz inguruko animalia txiki eta handi, bizidun edo fosilizatu, lurreko edo itsasoko, oskol, intsektu, landare eta arbolen ikonografia izango zirenak », 9 urteren biltze, marrazte eta idaztearen emaitza beraz (1865-1874).

Bertan jardunean ziren naturalisten eta beren idazlanen laguntzaz baliatu zen, guttienez ezagutzen ditugunak, helarazi zitzaizkigun obra eta bildumei esker. Aipa dezagun lehen lehenik Ulysse Darracq, Baionako Historia Naturalaren lehen Museoaren sortzailea izan zena 1856an, eta bertan bere historia naturalaren bildumak utzi zituena. 1836tik goiti, baina bereziki 1846tik goiti, F. Morel-en « Bayonne, vues historiques et descriptives » obraren bukaeran bere hiru notiza argitaratu ziren. Notizak honako hauek dira : « Notice sur la flore des environs de Bayonne », 449-493 orr. – « Notice méthodique sur quelques poissons des eaux douces et salées des environs de Bayonne », 495-510 orr. – « Extrait du catalogue des oiseaux du département des Landes et des Pyrénées occidentales », 511-517 orr.

1880an Baionan egin ziren jardunaldien lanak biltzen dituen « Bulletin de la Société botanique de France » aldizkarian hiri horretako Museoari buruzko xehetasun ainitz irakur ditzakegu. Ohargarria da inguruko naturalisten eskura zegoen ez ohizko dokumentazioa. Garai hartan, Biarritz herri txikia zen eta zientzia gaietatik urrun gelditzen zen oraindik. Baionako Museoa herriko etxeko bigarren solairuko lau geletan hedatzen zen, 1851ko maiatzaren 1.ean ideki zen liburutegiaren ondoan. Liburutegiaren hasierako 821 obrek 5 gela okupatzen zituzten, aurreko lauen ondoan. Botanika liburu ainitz bazen, besteak beste Thore (Chloris du département des Landes), Lapeyrouse (Histoire des plantes des Pyrénées) eta Darracq-en izkribuak. Darracq-en belartegiak eskualdeko eta Europa osoko 4000 espezie baino gehiago bilduak zituen. Honela, lekuko botanistek eta hauen artean Ducourrau-k, erreferentziazko eta landareak determinatzeko tresna zuten eskura. Darracq-en bildumetan ornitologiak leku handia zuen eta bere heriotzaren ondotik Léon Hiriart-ek osatu zituen bere lanak. Darracq-ek 1836an Bordalen Landa eta Mendebaldeko Pirinioetako departamenduko txorien katalogoa argitaratu zuen, eta horren zati ttiki bat argitaratu zuen Morel-ek urte hartan lehen aipaturiko lanean.