Henry du Boucher, Bulletin de la Société Borda, 1888ko 3. trimestroa, 185-187 orria.
Uste baino gehiago dira Parisetik kanpoko langile xumeak, arrabotsetik eta ospetik ihes egiten dutenak, maiz itzalean lan xumeetan dabiltzanak, eta bere maitasun soilez zientziaren garapen eta aintzinamenduan gaurko zientzia liburuetan goraipatzen diren izenak baino ekarpen handiagoa egin dutenak.
Pierre-Thomas Ducourrau, 1810ean Biarritzen sortua, hauetakoa zen. Lamarck, Cuvier eta Geoffroy St-Hilaire-en garaikidea zen eta hauen ikaspenak eta lan metodoak segitu zituen. Baionan matematika irakasle izan zen 18 urterekin, eta laster abiatu zen Parisera. Han merkataritza etxe batean idazkari izan zen, eta guzien adiskidetasuna bildu zuen bere bihotz eta izpirituko ez ohiko kalitateari esker. 1844an Nancy-ko Medikuntza Eskolako botanika irakasle zen Suard Jaunaren ilobarekin ezkondu zen. Bere aitaginarrebarekin izan zituen harremanetan ikerketa naturalak gero eta atseginagoak zitzaizkion eta Nancy-n sortu zuen merkataritza etxeko ardurak denbora uzten zionean, aisialdi guziak hortan pasatzen zituen. Biarritzera 1865ean itzuli zen, ordurarte bildutako historia naturalari buruzko nota ugariak sailkatu eta osatzeko baino beste kezkarik gabe. Bere bizitzako azken egunak arte aritu zen hortan, baita bere senideengandik behin betiko urrundu duen eritasunaren oinaze pean. (1874).
Ducourrau-k eskuz idatzitako hiru kaier lodi utzi dizkigu ; Frantziaren Hego Mendebaldeko eta bereziki Biarritz inguruetako animalia txiki eta handi, bizirik edo hilik, lurrekoak ala itsasokoak, maskorrak, intsektuak, landareak eta arbolak biltzen dituen egiazko ikonografia bat. Erran genezake hiri horretako Flora eta Fauna marraztu eta irudikatu dituela.
Sekulako lan horretan deigarriak dira deskribapenen argitasuna, idazleak zein zehaztasun zientifikorekin erakustera ematen dituen ikertzen duen espeziearen ezaugarri nagusiak, marrazkien fideltasun zorrotza, bereizirik erakusten duen organo bakoitzarentzat ematen dituen xehetasunen aberastasuna, posturen bizitasuna, koloreen sentipenak eta ñabardurak. Erran dezagun ere, azken lau horretan naturalistak Marie bere alabaren pintzelkada zuzen eta finen laguntza izan zuela, eta berak ere merezimendurik baduela. Ohar zaitezte marrazki batzuetan, aipatu beharreko berezitasun batzuk notatuak direla, ezen hauetan ematen dituen xehetasunek ez baitute beren zuzentasuna zalantzan ezartzen. Lehen kaierrean landareen erreinuaz ari zaigu, bigarrenean ornitologiaz eta hirugarrenean arrain, maskor, intsektu eta abarrez.
Zaletu talde txiki batek besterik ez ditu ezagutzen eskuizkribu hauek, eta gure aburuz, gehiago ezagutuak izatea merezi dute. Peter Barr, zientzialari ingelesak, Londreseko Botanika sozietateko kide zena, zuen lehen aldiz lan horren interesa aipatu 1888ko martxoaren 10eko Gardener’s chronicle-eko artikulu batean: Orriak bat bestearen atzetik begiratu ditut eta aintzinatu ahala ene harridura handitzen zen…onartu behar dut nere bizitzako momenturik onenetakoak izan zirela Theatrum Flora hura begiratzen pasatu nituena, lehen aldiz ikusten nuen eta gure Parkinson-en Paradisus baino bost urte berantago argitaratu izan zena… Narzisoetaz arduratzen diren guziek ongi ezagutzen dute ikerlari ingelesa, eta honek gero Moussempes Jaunari, senide batek lan hauek suntsitu ez zitzan, egin zizkion liburuak eskuratzeko eskaeren antzutasuna aipatzen du.
Nota horren idazleak 1882an Akizeko Zientzia Kongresu batean aurkeztu zuen « gure ia aberkidearen obra hain estimagarria ». Zoritxarrez, historia naturalaren saila doi bat desantolatua zen, Tournouë lehendakariaren desagertzearen ondotik. Egun hartako solasgai zerrenda luzean galdu ziren eta Kongresuaren bilduma aipamenik ere ez zen egin.
Pentsatzen dugu justua dela jakintsuei Flora eta Faunari buruzko informazio iturri zehatz hori ezagutzera ematea, langile pazientziadun eta nekaezin horren lanak oroitaraztea, lehena izan baitzen irudien bidezko irakaspena lantzen, gaur egun hain baliosa eta pedagogikoki barneratua den irakaspen mota. Espero dugu ere, eskuizkribuak bere eskuetan dituen Moussempes gure lankide ohoretsuak, behar den guzia egien duela hauen kontserbatzeko, denboratik, eta hauen jabe bilaka daitezkeenen diru-goseaz eta jakingabetasunaz babesteko.
H. du Boucher