Peter Barr, Foreign correspondence. Biarritz - Gardener's chronicle, 10 mars 1888.
iturria: Biodiversity Heritage Library
Londres elur geruza lodi batekin utzi dut, eta Pariserainoko ia bide osoan hala izan da, elurrez estalia. Bordalen elur geruza lodia zen ; Arcachon-en, behatoki gainetik, elurra ikus zitekeen auzo osoan. Akizen elur guttiago zen : han-hemenka bazen eta goizerako desagertua zen. Denbora beroak (158° Fahr. ) elurraren desagertzearekin zer ikustekorik ba ote zuen galdera egiten nion nere buruari, baserri eremuan barna distantzia luzetxoa egin eta elurrik ikusten ez bainuen. Akizetik ateratzean elur zerbait bazen, eta Baionan eskoziar neguaren irudikapen aski ona genuen.
Goizeraino hala izan zen eta haize aldatu zelarik, euri ttiki bat hasi zen eta atmosfera, ordura arte biziki hotza zena, goxatu zen eta Baiona eta Biarritzen elurra desagertzen hasi zen. Urtzeak segitzen badu ostegun edo ostiralean segi nezake bidea eta espainiar mugara iritsi. Bitartean, beste objektu batzuen bila abiatu naiz eta hauen artea, Folin-eko Markesarenean, ur gazietan, 600m urpean arrantzatu zuen « bathysiphons » bat ikusi ahal izan nuen. Ondotik, Biarritzeko botikaria den J. Moussempes Jaunaren dendara joan naiz, zeinak Pierre Thomas Ducourrau bere lehengusuaren hiru eskuizkribu erakutsi zizkidan : neretzat altxorrak ziren. Biarritzetik igarotzen den literaturazale orori gomendatzen diot deitzea eta liburu hauek ikustera joatea. Ez naiz deskribapen baten egitera menturatzen, ezingo bainuke behar bezala eta errespetuz egin ; aski zait erratea sekulan ikusi dudan antze eta lan erakustaldirik handienetako bat dela.
Lehen bolumena, landareen erreinuaren irudikapenei zuzendua da, marrazki bikainak, kasu handiarekin idortu landareekin. Ez du deus ahanzten, eta milaka metatu ditu orrien artean, artistak deus erran gabe eremu txiki batean dena konprimatu nahi izan balu bezala. Orriak bat bestearen atzetik begiratu ditut eta aintzinatu ahala ene harridura handitzen zen. Ondotik ikertu dudan liburuak txoriak zituen aztergai, xehetasun berarekin egina ; eta hirugarren bolumenak arrainak zituen aztertzen, antze eta zuzentasun berarekin deskribatuak – bazirudien dena naturalaren arabera egina izan zela, koloreak bere alabak eman zituen. Ikerketa hauen ondotik, Moussempes Jaunari galdetu nion ea bere lehengusuak ba ote zuen beste aktibitaterik, eta erantzun zidan bizi osoa gai hauek lantzen pasatu zuela. « Nun da bere landare belartegia ? » galdetu nion eta hark « Zikinontzira botatua izan da » erantzun zidan. « Eta liburuek bide bera hartuko zuten ez banitu leku seguru batean ezarri, eta nere lehengusuaren ohorerako, nahi nuke munduak lan hauen eta ekoiztu dituen gizonaren berri izan dezan.
Bere portreta badut hemen, ikusten ? Eta espero dut egunkari batek bere lanen eta biziaren bilduma bat eginen duela. » Orduan, minutu batzuez desagertu zen Moussempes, eta berragertu zelarik dendaren atzekaldeko txoko batetik, hautsez betea itzuli zen. Bazituen eskuetan denboraren aztarnak eta hezetasunarenak zituzten orri batzuk estalki bigun batekin ; ene aintzinean eman, eta erran zuen, « Hau maita zenezake », eta, egia, atsegin handiz ikusi nuen lehen aldikotz Theatrum Florum. Ikusmin handia nuen bolumen zahar horrentzat, gure Parkinson-en Paradisius baino bost urte berantago argitaratua izan zena. « Salgai dea ? » galdegin nion. « ez, ez dut liburu hauetako bat ere ez salduko. »
Peter Barr, otsailaren 28a.